07. Latsarri zaharrarentzako soneto bat
Gaur soneto bat nator egitera
Landartek eskatu didalakoan
Hasi dira komeriak gaurkoan
Goazen denok latsarri zaharrera
Berriaz bestelako latsarri bat
Badirudi existitu zela antzina
Helduentzat izanen da ahaztezina
Baina egun eraitsita dago erabat
Denok hasi ginen han plisti-plastan
Azkenik igerian ikasteko.
Bertara joaten ginen uztailean
Adarrak eta harriak garbitzeko
Ta uraren borborra entzun bitartean
Ordua genuen disfrutatzeko
LATSARRIA
Guztiok daukagu Leatxeko Doncel larrainean dagoen latsarriaren berri. Helduek ezagutzen dute erabili zutelako, eta gazteok, berriz, zaharberritu delako, eta orain leku berezia daukalako herrian.
Baina aspaldi beste latsarri bat zegoen, egun existitzen ez dena. Lehenik, erabiltzeari utzi zioten eta landarez estalita geratu zen, eta, gero, lursailak biltzeko lanek eraitsi egin zuten. Izan ere, bide berri bat egin zen, herriraino eta baratzeak ureztatzeko erabiltzen zen igerilekuraino sarbide hobea egon zedin.
Latsarria 50eko hamarkadan eraiki zen, eta harrizkoa izan beharrean hormigoizkoa zen. Lurretik altxatuta eraiki zen, garbitzeko orduan makurtu behar ez izateko. Izan ere, ohikoena zen latsarriek oso altuera baxua izatea, eta garbitzeko belauniko jarri behar izatea.
Dena den, horrek ez zuen arrakasta handirik izan, eta garbitzera zihoazenak ez zeuden eroso posizio horretan.
Hortaz, latsarri hura ez zen asko erabili. Zorionez, garbigailuak laster iritsi ziren gure etxeetara.
Aurrerago, latsarria haurrak plisti-plastan ibiltzeko igerileku gisa erabiltzen hasi zen
Ipotx baten altuera zenuenean, eta gurasoek igerilekuan sartzen uzten ez zintuztenean — ito zintezkeelako —, alternatiba bakarra latsarria zenuen. Ez zen oso handia, baina 5 edo 6 urterekin nahikoa zen.
Ura baratzeak ureztatzeko depositu batetik zetorren, lurpean zegoen hodi bati esker. Hala ere, hodi hori egoera txarrean zegoen, eta egun batzuetan ura iristen zen, baina beste batzuetan ez.
Latsarriaren ondoan igerilekua zegoen. Haur handiek igeri egiten zuten bertan, eta zuk inbidiaz begiratzen zenituen, haiek horren gustura zeudelako zuk igerilekutxo txiki horretan zeunden bitartean.
Latsarria tranpolin baten modukoa zen. Nork bere mugak gainditzeko nahia sorrarazten zizun, igerilekura salto egin baino lehen igeri egiten ikasi behar zenuelako latsarrian.
Bainu sasoia hasi baino lehen latsarria garbitu ohi genuen, eta barruan zituen hosto, adar eta harriak kentzen genituen. Gero, igerilekutik zetorren urak etorri behar zuen (beti hotz), eta ondoren oin txikitxoak mugitzeko garaia genuen.
Lursailak biltzeko lanen garaian, herria inguratzeko saihesbide moduko bide bat egin zen, eta herritik igerilekura zihoan bidearekin lotu zen. Latsarri gaixoa obra haien erdian zegoen, eta erori egin zen.
1999an, oso egoera kaxkarrean geratu zen, hormak oso narriatuta geratu ziren.