08. “Leatxeko igerilekua”, amets eta errealitate.
Heldu zaigu uda. Aurten, aurrekoetan bezala, nire herri Leatxeko festak disfrutatuko ditugu. Parerik gabeko ikuspegia daukagu, mendia pinuz beteta eta larre zein zuhaitz berdez inguratuta baitago. Ahal bezain beste disfrutatu nahi dugu, eta nahi horrek herriko isiltasuna bahitzen du.
Nekatuta iritsi gara. Gure herriko ziertzo hozkirri eta emankorrak gauean atseden hartzera gonbidatu gintuen. Gure gorputz nekatuetan logura sakon bat murgildu zen berehala, eta orduak joan ahala amesten hasi nintzen.
Amets horrek nire haurtzaro zoriontsura eraman ninduen.
Abuztuko egun bero bat zen. Lagun guztiek hitzordua genuen “igerilekuan” bainatzeko. Tira, berez baratzeak ureztatzeko depositu bat zen, baina niretzat, haur baten begientzat, herriko igerilekurik handiena zen.
Oihuz eta barrez bete ohi genituen argiz eta zoriontasunez beteriko leku hori. Oihuak eta barreak etengabe errepikatzen ziren. Ur hotz eta garbia Leatxeko menditik zetorren, eta txorrota batetik igerilekura salto egiten zuen erritmo ezti eta berezi batekin. Bazirudien deposituari kaixo esaten ziola bere gainean jolasti erori baino lehen.
Depositua, “igerilekua”: paradisu eta oasi bat udako egun beroetan.
Hor elkartzen ginen guztiok; haurrak, gazteak, eta helduren bat, eta guztien artean igerilari alaiez osatutako talde bat osatzen genuen. Ito-pasadaz, barrez eta bihurrikeriaz betetako topaketak ziren horiek.
Aldameneko alorrak uzta bilduta izaten ohi zuen, eta bertako lastoaren gainean toallak uzten genituen, edo bestela igerilekuaren inguruko zementu gogorraren gainean. Lasaitasunak ez zuen tokirik bertan. Espero ez zenuenean, ur hotza zuregana iristen zen, eta arnasa lapurtzen zizun. Dena den, apurtxo batez igeri egin ostean pozik sentitzen zinen han sartuta, baina eguzkipean bainu lasai bat izatea ezinezkoa zenuen.
Inprobisatutako “igerileku” horretan ez zegoen ez soroslerik ezta igeri egiten ikasteko ikastarorik ere, baina guztiok ikasten genuen igeri egiten. Eta, ezustekorik egonez gero, beti zegoen begi arretatsuren bat babak eltzetik ateratzeko. Poz inozenteak arriskua ezkutatzen zuen.
Ilargi beteko gauren batean, abentura bezala, eta gurasoek jakin gabe, depositura hurbiltzen ginen uretan sartzeko ilargipean. Gauak errealitatea aldatzen du, eta erakargarria da abentura eta ametsezko leku misteriotsuen bila dagoen haur ipurtarin batentzat.
Baina ametsa amaitu zen. Festak hasi berri ziren, eta txarangako tronpeta ozenak nire amets zoragarritik errealitatera eraman ninduen bueltan.
Ze polita izan zen zeruz betetako egun horiekin amets egitea! Nola nahiko nukeen zoriontasun hura itzultzea! Nire lagunekin batera “Leatxeko igerilekura” itzultzea egun horietan!
Leku horretan bizitako bihurrikeria eta konfidentziak ahaztezinak dira haur batentzat. Ezin ken ditzakezu esperientzia polit horiek bihotzetik, eta oxala gure seme-alabek horietaz gozatuko balute, guk oroiminez gogoratzen dugun istorioa errepika dadin.