13. Jolasak Leatxeko elizpean
ZAHARRAK:
Anastasia Arlegui Suescun andrearen hitzetan. Leatxen jaio zen, 1032ko apirilaren 15ean.
HIRU MARRAN
Elizpeko lauza batean marrak marrazten ziren, klarionaz. Klariona horiek kare zatiak ziren, adibidez, horma zurietatik eroritakoak, edo baita lapiko puskak ere.
Jolasteko, koloretako botoiak edo lapiko hautsien puskak erabiltzen ziren.
Neskek jolasten zuten.
HARTXINTXARRA/TOKEA
Elizpeko lurzoruan 8 lauki marrazten ziren karea erabilita, eta lauki bakoitzean zenbaki bat jartzen zen 1etik 8ra.
Lehenik eta behin, harri lau bat beharrezkoa zen jolasteko. Anastasiak dioenez, nesken jolasa ohi zen. Jolastera zihoan neskak lehendabiziko zenbakiaren atzean kokatu behar zuen, eta eskuan harria izan behar zuen. Harria ordenean jaurti behar zuen, eta lehenik 1 zenbakia zuen laukian bota behar zuen. Harria erortzen zen laukiari “etxea” zeritzon, eta ezin zen zapaldu.
Harria bota ostean, ibilbide osoa egin behar zenuen. Horretarako txingoka lauki guztiak zapaldu behar zituen, 8. laukira arte, eta bi lauki batera zeuden tokian bi oinak jarri behar zenituen. Gero, hasierara itzuli behar zenuen, eta orduan harria hurrengo zenbakira bota. Hori behin eta berriz egin behar zenuen, eta helburua harria lauki batetik bestera pasatzea zen, zortzigarrenera iritsi arte. Oreka galduz gero, edo harria lauki batetik kanpo jaurtiz gero, txanda galtzen zenuen, eta beste haur batek txanda hartzen zuen.
Jolasa irabazteko, harria zortzigarren laukira eramatea lortu behar zenuen, baina erori gabe, harria laukitik kanpo bota gabe, eta marrarik zapaldu gabe.
HARRAPAKETA/MARRO
(Anastasiak ez zituen ongi gogoratzen jolasaren nondik norakoak. Herriko beste aiton-amona batzuei galdetu zien, baina haiek ere ez zituzten ondo gogoratzen)
Nafarroako entziklopediak honako definizio hau jasotzen du:
Karrera jolasa zen, eta neskak zein mutilak jolasten ziren. Hirurogeiko hamarkadatik aurrera gainbehera izan zuen, eta egun ia ahaztuta dago. Jokalariak, bi multzotan banatuta, bata bestearen aurrean jartzen ziren, plazaren edo frontoiaren — gure kasuan, elizpearen — muturretan, bi aldeen arteko tarte zabalarekin. Erdian marra bat marratzen zen makila edo klariona batekin, eta horrek eremu bakoitzaren muga markatzen zuen.
Lehenik, talde bateko haur bat zelaiaren erdiraino ateratzen zen (marra pasa zezakeen), eta, orduan, bigarren taldeko beste bat ateratzen zen lehenengoa harrapatzeko. Orduan, lehenengo taldeko bigarren kide bat ateratzen zen, bigarren taldeko lehena hartu nahian. Horrela jarraitzen zen, hurrenez hurren. Hori bai, haren horma (edo “marro”) ukitzen zuen azken jokalariari iskin egin behar zenion. Kontrako taldeko guztiak preso hartzea zen helburua, eta orduan amaitzen zen jokoa.
Preso hartu ahala, jokalariak errenkadan jartzen ziren, eta lehenengoak etsaien marroa behatzekin ukitu behar zuen. Horrela, elkarri eskua hartzen zioten kate bat osatzeko, eta ahalik eta gehien luzatu behar ziren bi zelaiak banatzen zituen lerroraino. Horrela, lagun libre batek katearen muturrean zegoen presoaren eskua ukitzen bazuen, denak libre geratzen ziren eta beren zelaira atzera egin zezaketen horma ukitzean “marro” oihukatuta. Horren truke, presoak askatzen zituen jokalaria preso geratzen zen.
SOKA SALTOA
Abestu bitartean salto egin behar zenuen. Abesti ohikoenak “Al cocherito leré…” edo “el nombre de María que cinco letras tiene” ziren. Jolasteko beste modu bat ere zegoen: Sokari indar handiarekin eragin behar zitzaion, eta jokalariek banan-banan sartu behar zuten. Orduan, huts egiten zuena kanpora joaten zen.
TORTOLOSAK
Tortolosak arkume eta ardien hanken forma berezia zuten hezur txiki batzuk ziren. Batez ere ardienak, horrela handiagoak zirelako.
Jolasteko 4 tortolos eta pilota bat erabiltzen ziren.
Pilota egiteko ardien artileak erabiltzen ziren, estu-estu bilduta. Pilota txikia zen.
Tortolosak garbitu eta tindatu egiten ziren, politagoak izan zitezen. Tindatzeko, paper gorri bat uretan jartzen zeen (paper hori, oro har, loreak egiteko erabiltzen zen). Paper horrek ura gorri uzten zuen, eta hor bertan sartzen ziren tortolosak, gorriz tindatu zitezen.
Tortolosek bi alde zituzten: cara eta culo.
Txandaka jolasten zen. Lehendabiziko pertsonak tortolosak eskuekin lurrera bota behar zituen, eta orduan jokalariek ikusi behar zuten zein aldetan erortzen ziren. Gero, txanda zuen jokalariak pilota gora jaurtitzen zuen, eta pilota erori baino lehen tortolosak cara posizioan utzi behar zituen. Tortolos bat baino gehiago aldi berean mugitzea posiblea zen. Jokalariak pilota hartzen bazuen lurrera erori baino lehen, eta aldi berean tortolosen bat ongi mugitzen bazuen, jolasten jarraitzen zuen. Bestela, pilota hartzen ez bazuen, edo tortolosik mugitzen ez bazuen, txanda galtzen zuen, eta beste bat hasten zen jolasean. Beraz, bi gauza egin behar ziren aldi berean, pilota airean hartzea eta tortolosei buelta ematea. Horrela, jokalariek beren erreflexuak eta abilezia erakusten zituzten.
Partida ez zen bukatzen tortolos guztiak ongi jarri arte, eta hori saiakera gutxiagoetan egitea lortzen zuenak irabazten zuen.
Anastasiak uste du tortolos guztiak cara posizioan utzi behar zirela.
Baina baliteke partida bakoitzean erabaki behar izatea, eta culo zein cara posizioan uztea posible izatea.
PANPINAK EGITEA
Burua egiteko artilea erabiltzen zen eta oihalez forratzen zen, edo bestela oihal mordo bat erabiltzen zen eta hari batekin lotzen zen. Ahoa hari gorri batekin egiten zen, eta begiak eta bekainak hari beltz batekin.
Artaburuen ileekin ilekordak egiten ziren, eta buruan josten ziren.
Besoak eta hankak xirmendu zatitxoz egin eta oihalez forratzen ziren.
Soinekoak oihal zaharren zatitxoekin egiten ziren.
TXUTEA
Mutilen jolasa ohi zen, eta batez ere eskolatik gertu jolasten ziren.
Ahuntz adar bate erabiltzen zen, eta horri “txute” zeritzon.
Harri inklinatu baten gainean antxume adar bat jartzen zen eta distantzia jakin batetik (lerro bat margotzen zen) harri bat botatzen zen adarrari jotzeko. Adarra gehien mugitzea lortzen zuen pertsonak irabazten zuen.
TXIBA
Mutilen jolasa ohi zen.
Sifoi botilen barnean bolatxo txikiak zeuden, eta horiek txibak ziren (puxtarriak)
Beste jolas batzuk: karabin karaban, ezkutaketa
80-90EKO HAMARKADAREN ERDIALDETIK, HONAKO HAUETARA JOKATZEN ZEN:
- Kartak, batez ere briska.
- Polis eta kakos
- Armiarma
- Bote bote
- Futbola
- Burro/Astoa
- Ezkutaketa
- Baloi presoa